XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikaslearen itxaropena arrazoizkoa den bitartean, itxaropen horri eman behar dio erantzuna irakaskuntzak, (Wilkins 1976,35. or.).

Ikuspegi honetatik begiratuz, ez dago helduaren beharrei erantzungo diona baino helburu hoberik.

Ez da zilegi, beraz, helburu hoberenak aipatzea, pertsonen beharrak arras bait dira desberdinak.

Ez al du ezer esatekorik alor honetan hezkuntz erakundeak? Bai horixe.

Hizkuntz irakaskuntzan Andragogiak agintzen duen eran aritzeak ez du esan nahi heldu guztiek beren beharrak argi eta garbi ikusten dituztenik.

Andragogia eta Pedagogia aurrez aurre artikuluan beharren diagnosia aztertzerakoan, prozesu honetako uneen berri ematen dugu.

Prozesu honetako lehen pausoa zera da: egoera jakin batean behar diren trebetasunak adieraziko dituen eredua moldatzea.

Eredu batzu ikusi ondoren, has daiteke heldua beretzat benetan baliagarri izango den eredua antolatzen.

Ikaslearen beharrak berak ikusten dituen bezala, eta irakasleak ikusten dituenak bateratzea da arazoa (Kennedy; Bolitho, 1984,14. or.).

Une honetan beharrei buruzko akordiotara irits daitezke ikasle-irakasleak; izan ere, heldua, lehen esan dugun bezala, gauza bait da bere beharrak argi eta garbi ikusteko.

Ikaslea eta irakaslea bat ez baletoz, negoziatu beharra legoke.

Hizkuntza / hizkuntzaren aspektuak dikotomia

Hizkuntzen irakaskuntzako ikastaroak ikaslearen xedeetan oinarrituz moldatzeko joera zabaltzen ari da.

Joera horrek, irakatsiko diren eduki linguistikoak, ikasleak beharko duen hizkera mugatzerakoan, ikaslearen hizkuntz beharren analisia eskatzen du.

Bestela esan, beharren analisi ororen gibelean galdera bat aurki daiteke: zein hizkera modu irakatsi behar da eta zein gaitasun garatu behar ditu ikasleak bere helburuak lortzeko?.

Hizkuntza bat lortzeak hitzegiteko gauza izatea esan nahi du, hizkuntza horretan ari direnei ulertzea eta irakurri eta idazteko gaitasuna.

Gaitasun horietako bat edo beste lor daiteke beste guztiak lortzeke, gaitasunen artean nolabaiteko transferentzia bat saihestezinezkoa bada ere.

Horregatik, elkarri lotuak azaltzen dira lau gaitasunak: ahozko entzumen eta adierazpena, alde batetik, eta idatzizkoena, bestetik.

Egia esan, ez da pentsatzekoa inork ulertzen ez duena esan dezakeenik edo irakurri ezin duena idatzi.

Normalean pentsatzen da ikaslearen beharrei nahikoa erantzun ematen zaiela, helburua lau trebetasunak garatzea denean, nahiz eta horietako batzuri besteei baino garrantzi handiagoa eman.

Nazioarteko telefonari batek, adibidez, ahozko mintzamena eta ulermena beharko ditu bereziki.

Ikasle batzuk, agian, zenbait hitz, forma, eta funtzio ikasi beharko dituzte (definizioa, sailkapena, konklusioak etab.) eta funtzio horiek testu koherenteak moldatzeko nola erabili.

Ez ditu hizkuntz eduki berak menderatu beharko hizkuntza turismoa egiteko ikasten ari denak eta bere lanbiderako ikasi behar duenak.

Aipatutako mugimendua, Andragogia, sortu zen une berean, sortu zen orientazio komunikatiboa ere.

Hizkuntzalaritzaren beste hurbilpen bat da; hizkuntza ez da Euklidesen printzipioei jarraiki, zatitan bana daitekeen zerbait bezala kontsideratzen.

Hizkuntzak ikasterakoan, ondo markatutako bidea egin behar zen orientazio tradizionalean: egitura xumeetatik kategoria zailago eta konplexuagotara joanez poliki-poliki.

Joera komunikatiboa, ordea, erabat da behabiorista: gizakiak besterekin komunikatzeko erabiltzen du hizkuntza, agindu, eztabaidatu, gertaerak azaldu eta abarretarako.

Hizkuntza ez da egitura gramatikalen multzo bezala hartzen, funtzioen multzo bezala baizik.

Orain arte azaldutakoaren arabera, esan dezakegu komunitate baten hizkuntza bloke handi bat dela eta bertan multzo oso desberdinak aurki daitezkeela.